iruñea. Nola gara euskaldun gaur? Zerk egiten gaitu euskaldun egun? Zerk egiten du euskaltasuna gaur egun? Galdera hauen eta beste hainbesteren erantzuna Batek mila -Euskal munduak erakusketan aurki daitezke. Heldu den urtarrilaren 31a arte Iruñeko Planetarioan ikusgai egonen da Euskal Kultur Erakundeak ekoiztutako eta Euskara Kultur Elkargoaren 10. urteurrenaren baitan dagoen erakusketa. Honen xede nagusia, EKEren lehendakaria den Koldo Martinez Urionabarrenetxeak atzo azaldu bezala, "bisitaria euskararen eta euskal kulturaren ezagutzera eta galdekatzera gonbidatzea" da.
Prozedura interaktibo eta teknologiko anitzak erabili dira euskal mundu horien ikuspegi ezohiko eta eguneratu bat eskaintzeko. Izan ere, erakusketak bisitariei bidaia proposa-tzen die "gaur egungo euskal kulturan zehar, euskaldun izateko era desberdinak aurkeztuz, bai Euskal Herrian eta baita munduan ere". Gainera, lau modulutan banatuta, ibilaldi sentikorra egotera gonbidatzen du erakusketak, unibertso soinudun eta bisual baten bihotzean, gaurko artista, argazkilari, idazle, musikari eta egile anitzen eskutik, ikuspegi gurutzatuek osatutako kaleidoskopio batean zehar.
euskal mundua eskuartean Ahalik eta biztanlego handienera iristeko intentzioarekin, erakusketa ibiltari hau (8 hiritan egon da) lau hizkuntzatan eskaintzen da: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Euskal Kultur Erakundearen zuzendaria den Pantxoa Etchegoienen hitzetan, erakusketak "Euskal Herriko eta Diasporako euskal munduei begira dagoen leihoa irekirik izan nahi du; norberak bere eskuan euskal mundua sentituko du".
Batek mila-Euskal munduak -ek ikusteko eta entzuteko soinu eta bideo lanak eskaintzen dizkie bisitariei, tartean Dutxa soinuduna euskal kantuena; Koldo Amestoy ipuin-kontalariaren istorio batena; eta Jose Anton Artze, Kirmen Uribe eta Itxaso Borda idazleen olerkiena; euskal antzerkiari, euskal dantzari eta bertsolaritzari buruzkoekin batera. Hainbat artistek burututako dokumentalak ere ikusi ahal dira, besteak beste, euskal arte unibertsalaren ingurukoa (Oteiza eta Txillida), euskal eta marokoar gazte batzuen arteko kultura trukaketari edo Argentinako eta Uruguaiko euskaldunei buruzkoak. Gainera, erakusketak euskal sentimenduaren atzean dauden kultura eta hizkun-tza bizipenei lotutako 12 elkarrizketa jasotzen ditu, horien artean, Jon Maiari eta Martin Berasategiri egindakoak. Amaitzeko euskarari bu-ruzko bi jolas interaktibo eta 120 euskal kantu entzuteko multimedia aplikazioa ere eskaintzen du. Eta bisitariek euskal munduaren gaineko irudi pertsonala egin ahal dute.
Atzokoan ere, bideosorkuntza emanaldi berezia eskaini zuten, nafar egile euskaldunek egun egiten ari diren erakusleiho gisa: Konkretuki, Nerea de Diegoren 22-0 lana; Elurmalutaren Esaerak krisi garaian lana; Rubenen Erregresioa ; eta Harri Larunberen Barazki Bizidunak .