Good Health and well being izenburua du Garapen Jasangarrien hirugarren helburuak (osasun ona eta ongizatea) eta hain zuzen helburu hori abiapuntu hartuta, San Fermin Ikastolako DBH4ko eta 1. Batxilergoko hainbat ikaslek ikerketa egitasmoa egin dute azken hilabeteotan, nazioarteko ikasle trukaketaren baitan. Gure ikastolak urteak daramatza Flandriako Waregem herriko (Belgika) ST. Paulus Collegeekin eta Norvegiako Sykkylveneko eskolarekin ere ikasle trukaketak antolatzen. Aurten, otsaila eta martxoan izan ziren gure ikasleak Europako herrialde hauetan eta orain apirilean, berriz, gurean izan dira denak egitasmoari amaiera emateko.

Belgikan izan zirenean, kirola eta ariketa fisikoaren inguruko ikerketa burutu zuten. Bildutako datuen arabera, Euskal Herrian, kirol asko egiten dugula ondorioztatu dute ikasleek, eta herrialde horietan bizitza sedentarioagoa egiten dutela ere bai. Norvegiarrak, bereziki, berehala nekatzen zirela jaso dute egindako ikerketan eta, oro har, oso erresistentzia gutxi zutela. Belgikarrak, berriz, tarteko postuan geratzen dira, erresistentzia pixkat gehiago dutelako, baina kirola euren asteroko dinamikan txertatzeko ohitura gutxi.

Euskal Herrian elikadurak duen garrantzia kontuan hartuta, gurean egin beharreko egitasmoa hain zuzen gai honetan kokatzea interesgarria izan zitekeela pentsatu zuten antolatzaileek. Horretarako, hiru ikastetxeetako menuak aztertu dituzte trukaketa honetan zehar, hiru aldagai kontuan hartuz: menuaren oreka nutritiboa, ordutegien egokitasuna eta produktuen kalitatea. Ondorioak hemen ere oso interesgarriak izan dira.

Oreka nutritiboari dagokionez, gure ikastola ateratzen da egokien, bertan dagoen nutrizionistak menu egokiak sortzen dituelako hilabetero eta, gainera, honen inguruko informazioa helarazten dielako familiei, eguneko gainontzeko otorduekin orekatzeko aukera eskainiz. Norvegia geratu da okerren ikerlanean, karbohidrato gehiegiz osatutako menua dutela ikusi baita eta barazkiak astean behin baino ez dituztelako jaten. Belgikako eskolan, berriz, menu orekatuagoa dutela ondorioztatu dute, nahiz eta barazki gutxi jaten dituzten orokorrean. Fruta gehiago jaten omen dute, baina arraina, esaterako, oso gutxi. Oreka nutritibo hori nolakoa izan behar den jakiteko, Arantza Sanchez nutrizionistaren (@mynaturalmood_tsd ) bisita jaso genuen.

Produktuaren kalitatea ere aztertu dute eta hemen ere gure menuaren egokitasuna agerikoa da, maiz produktu ekologikoak, integralak eta 0 kilometrokoak lehenesten direlako menuak osatzerakoan. Trukaketan parte hartu duten bi herrialde hauetan, berriz, ez dira halakoak kontuan hartzen ere.

Hain zuzen produktu lokalaren garrantzia aztertzeari begira, ikasle belgikarrak eta norvegiarrak gurean izan zirenean, AN kooperatibara (Agropecuaria Navarra) bisita bat egiteko aukera izan zuten. Elkarte honek beste hainbat koperatiba txiki biltzen ditu bere baitan, tartean, ikasleek ezagutzeko aukera izan zuten Dantza kooperatiba.

Azkenik, bizitza osasuntsua egiteko ohitura ezberdinak aztertuta, otorduen ordutegiak aztertu zituzten ikasleek eta, zentzu honetan, egokiena Belgikakoa dela ondorioztatu dute. Euskal Herrian, beranduegi afaltzen omen dugu (gaueko bederatzietatik hamarrak bitarte, kasu gehienetan) eta hori kaltegarria omen da gero loaldi egokia egiteko. Norvegian, berriz, goizegi, arratsaldeko 16:00ak eta 18:00ak bitarte egiten dutelako. Belgikan, azkenik, iluntzeko zortzietan egiten dute eta hori omen da ordutegi osasuntsuena.

Nazioarteko trukaketa hauei esker, beste kultura batzuk ezagutzeko aukera dute ikasleek; bizitzeko beste balio eta modu batzuk ezagutzeko, eta beste hezkuntza-sistema batzuetako abangoardiako baliabideak bisitatzeko. Hori gutxi balitz, hizkuntza-gaitasuna hobetzen eta bizi-esperientzia errepikaezinak gehitzeko aukera ere eskaintzen die ekimen honek.